2014(e)ko urtarrilaren 19(a), igandea

Oroimenaren korapiloa deslotzen





Ibili, ibili ta ibili, taigabe.
Oina bat bestearen aurrean ipiniz zubiaren kaletik barrena zoaz.
Ibaiaren korrontea oinez gailendu nahian zabiltz,
eta ezinezkoa dela konturatzen den bakarra ni naiz.

Ahazturaren aurkako pausoetan bidelagunak aldenduz,
danok egin behar dugun bidaia bakarrik egiteko prest zaude.
Iluntasunean xalotasunez, baina pauso irmoz, hor zoaz egunerko paseoan.
Besteok galeretatik bizirik irtengo ote garen buruari galdezka.





Martin larralde honelako egun batez hil zen
galeretan,
begiak zabalik etzanda, agian, zerua
itsaso zikin bat dela esanez.


2013(e)ko azaroaren 26(a), asteartea

Gogoratzen (Zu bezain ahul Karmele Jaioren liburutik)


Gogoratzen

Zirkinik egin gabe geratu da emakumea zuri begira, kalearen erdian. Aurrez aurre ikusi zaituenean, ahoa ireki eta sako hartu du arnasa, aire guztia barruan gordeaz. Bekainak altxatuz keinu egin diozun arte ez da hustu airez haren gorputza. Orduan bai. Orduan flotagailu bat bezala hustu eta zimurtu da haren aurpegia, irribarre egitearekin batera.

–Andoni... –esan du, ia ahotsik gabe, flotagailuaren barruan geratzen zitzaion aire apurrarekin.

Irribarre egin diozu, eta bekokia, masailak eta begi inguruak zimurtu egn zaizkizula sentitu duzu. Haren zimurretan ikusi dituzu zureak. Haren aurpegian, zure flotagailu hustua.

–Andoni... –errepikatu du, eta dir-dir egin diote begiek, atso zahar dirudunei belarritakoek bezala.

Irribarre egin diozu berriz ere, azken bi hilabetetan, kalera irten zinenetik hona, aurkitu dituzun aspaldiko lagun guztiei legez. Nola zauden galdetu dizu eta zuk ondo zaudela erantzun diozu, sorbaldak altxatuz. Hasperen egin du ondoren zuri begira, eta iruditu zaizu haren hasperenarekin batera letra batzuek salto egin dutela airera, komikietako letrak bailiran. Aspaldi egon dira gordeta, hautsez beteta baitaude, eta irean, hautsarekin batera dantzan, silaba batzuk osatu dituzte, eta silabek hitz bat: Az-ke-ne-an, irakurri duzu airean. Azkenean, esan dizu hasperenarekin. Eta zuk irribarre zabalago ba eskaini diozu orduan, eta begiek dir-dir egin dizute zuri ere, karzelan egondako hamasei urteetan “azkenean” hitzarekin mila aldiz egin duzulako amets.

Dir-dir egiten dute haren begiek berriz, eta irribarre egin dizunean haren ahoan hortz zuri-zuriak agertu dira eta hogei urte jausi zaizkio lurrera kolpean, eskuetatik labain egindako zerbeza botilak bezala. Orduan konturatu zara haren edertasunaz. Hortz zuriek flotagailuaren tolesdurak estali dituzte.

Tabernara sartu zarete, berak egindako gonbitaren ondoren. Zerbeza bana duzue eskuetan.

–Heldu behar zen eguna, ezta? Noizbait aurkitu behar genuen elkar, ez? –esan dizu barrezka, txantxetan bezala, belarritako distiratsuekin keinuka, eta zuk, hamasei urtetan kartzelan izandako entrenamendu eskasa agerian utziz, ez duzu irribarrea beste erantzunik aurkitu. Irribarre egin diozu, eta lurrera begiratu duzu, lotsati, lurreko serbilleta tximurtuetan erantzunen bat aurkitzeko itxaropenarekin. Baina han eskerrik asko etortzeagatik baino ez duzu irakurri.

Herriko plaza ikusten da tabernako leihotik.

–Nola aldatu den dena, ezta? –esan dizu hatzamarra leihorantz zuzenduz–. Hotela egin dute eskola zegoen lekuan.

Baietz egin diozu buruarekin, eta bat-batean eskolako gelako usaina gogoratu duzu. Klarion, liburu eta izerdi usaina. Futbolean botatako izerdi sikua, eta maisuaren ahotsa ireki ezazue leiho hori, hemen ezin baita arnasarik hartu! Eta une batez pentsatu duzu non eduki dituzun gordeta hanbeste denboran usain eta ahots horiek, eskola hitza entzunda bat-batean piztu zaizkizunak. Zergatik gogoratzen ote dituzun usain eta ahots horie eta ez beste batzuk? Leihotik hotelera begiratzen duzun bitartean, zeure buruari galdetu diozu nork agintzen ote duen zer gogoratu eta zer ez.

Herria oso aldatuta aurkitu duela esan dizu.

–Normala da ezta? Hainbeste urte kanpoan... –bota du. Lau egun baino ez daramatzat hemen eta...

Orduan, harrituta, konturatu zara bera ere luzaroan egon dela herritik kanpo, zu bezalaxe. Eta sumatzen hasi zara ez dakiela kartzelan egon zarenik azken hamasei urteetan. Herri osoan bakarra izan behar duela pentsatu duzu.

–Oraindik gordetzen dut eman zenidan txanpon zahar hura. Gogoratzen? –esan dizu, barrezka orain ere, eta aurpegia gorritu egin zaio pixka bata. Zuk ez diozu ezer erantzun eta zerbeza tragoa hartu duzu–.
Oparitu zenidan gau hartatik ondo gordeta eduki dut, agindu zenidan bezala. Gaur arte. Pentsa zenbat denbora... Txanpona aurkitu dudan bakoitzean galdetu diot neure buruari nondik ote nabil hau. Herrira etortzean ere pentsatu nuen agina ikusiko zintudala eta, hara, hemen gaude zerbeza bata hartzen, azken hogein urteak pasatu ez balira bezala... –barrez amaitu du esaldia eta zerbeza tragoa hartu du.

Ez diozu ezer esan. Tabernariak barra gainean utzi dituen edalontzien kristal hotsa entzuten duzu. Eta inguruan duzuen jendearen zarata. Nondik ateratzen ote dute haiinbeste mintzagai?

–Eta? Zelan bizitza? –galdetu dizu, azkenean, espero zenuen bezala.

Zain geratu da. Zerbait esateko txanda heldu zaizu, baina ez dakizu zer esan. Burua abiaduran darabilzu bueltaka. Baina serbilletetako eskerrik asko etortzeagatik esaldiaz aparte, ez zaizu besterik bururatzen. Nola esan behar diozu? Esan behar al diozu? Nola esan ez duzula gogoratzen, ez dakizula nor den ere, ez dakizula zer txanponez eta zer gauez ari den berbetan. Bere izena gogoratuko bazenu sikera…



Zure erantzunaren zain dagoela, irribarre egin dizu.
Hortz zuriak agertu dira eta hogei urte jausi zaizkiolurrera, kolpean.

Emakume eder baten aurrean eserita, tabernan, zerbeza bat eskuan, pentsatu duzu zerbezaren bitsa bezala desagerrarazi al daitekeen denbora. Eta segundo bakar batean, azken hogei urteak lurrera jausten ikusi dituzu, eskuetatik egin dizute labain, zerbeza botilak eskuetatik labain, zerbeza botilak eskuetatik labain egiten duten abiaduraz, eta ulertu duzu: heldu zaizu existitzen ez diren oroitzapenak gogoratzeko ordua.

2013(e)ko uztailaren 21(a), igandea

Lo Artean

Lo eta esnaren arteko lurraldean nago.
Terra nullius honetan bisitan izan zaitut, 
erreala bezain ezinezkoa izan da.
Ametsari eusten saiatzen.

Argazkia: Ana Shak                                                       

Hitzik gabe belarrietara xuxurlatuz, 
zure maitasun berbak nire lepoan pausatu dira.
Zure besoek, sendo, gerritik naute heldu.
Ezpain gihartsuak bizkarrean behera laban.
Musua.

Joan zinenetik egun luzeak igarota,
Azalaren azpian inkatuta zaitut.
Nire ametsen sortzailea.

2013(e)ko uztailaren 16(a), asteartea

Eguzkia ta gaua


Geldo mugitzen da itsasorantz.
Astiro, taigabe.


Ez da joango, ezin sinistu!
Horra hor bere akaberaren froga,
joan egin da.


Zerbait galdu izanaren zapore mikatza
azalean geratu zait. Gezala ere.


Zerbait joan zaigu, 
akaso argia?
Denbora ote?